XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Suaren gaikia egurra danez, arbola gauza sakratutzat aurkituko dugu.

San Juan-aretxa erreaz joaten dira urtearen zehar Bizkai eta Nafarroako herri askotan.

Eta lizar edo elorri erramak jartzen dira etxeen ate eta leihoetan.

Plazetan makalak (txopoak) zutik jartzen dira, erretzeko edo bere puntara igotzen direnak saritzeko.

Cucaña-z ezagutzen da erdal herrietan.

Donostian bertan, arbola bat erretzen zen San Juan bispera gauean, eta kontzejuak debekatu zuen, 1912an, haurrei exenplu txarra ematea zala usterik, baina ohitura zahar zaleen eskariz, 1916an, botoetara joaz, berriztea erabaki zen.

Baina kondiziotzat jarri zuten, arbolarik ez erre eta ez eratsitzea.

San Juan-arbola, sugaiaren sinbolutzat har genezake.

Eta sinbolu hauk mito bihurtzetik datozen siniskeriak ditugu arbolaren inguruko zenbait ohitura.

Esate baterako, toki batzuetan, etena zuten haurrak sendatzeko arbola magalen urkulutik (inoiz arbola gerria bera irekiaz) eskutik eskura erabiltzen zituzten, Joan izeneko bik, gaueko hamabietako kanpai hotsekin batean.

Euskal Herrian ezagutu den ohitura hau, Alemaniako Oldenburg-en ere ezagutua da.

Gaur, mediku zientziaren bidez, badakigu etenak ez duela sendatzerik ebakuntzarik gabe.

Ohitura horietaz asko idatzi da, batez ere Azkueren Euskalerriaren Yakintzaren lehen tomoaren 159/160 eta 293/310 orrialdeetan.

Eguzkia, sua eta arbolarekin batean, eguzki aldaketetan aurkituko dugun naturalezaren beste elementu ezagun bat, ura da.

Gehienetan gaitzen baten sendagarri.

Baina siniskerietan bere indarra hartu zuen.

Erromeriak itsasoz edo iturrietara, eguzkiaren irteran, San Juan goizean, oinhutsik belardiko intzetan ibilaldi bat egiteko edo ibaian sartzeko ohitura, bigarren hau inoiz biluzik.

Erromako Inperioak Eleiza Katolikoa ofizialtzat hartu zuenean, Arrianismoaren ondorean Atanasio-ren doktrinak onhartzean, Julio I-ren garaian (IV. mendearen ondarrean) eguzki ahaltsuaren jaiak, Natalis Invicti Kristoren jaiotza eta San Juan Bataiatzailearena jarri zituen, eguzki aldatzeetan, euskaldunon Eguberri eta Ekainean.

Aipatu ditudan ohitura zaharrok, era batzuetan oraindik oso ezagunak ditugu Euskal Herrian zehar.

Beti esan dugunez, mundu honetan, ezagutzen ez duguna askozaz gehiago da, ezagutzen duguna bera baino, eta egunotan neronek jaso dudan uztaren zati bat emango dut.

Toki soil batean aipatu ditugun erarik gehienen lorratza agertzen da: eguzkia, sua, arbola, ura.

Toki hau Bizkaian Berrizko Murgoitio hauzoa da.

Barandiaranek egin zion aipamena El mundo en la mente popular vascaren bigarren tomoaren 69garren orrialdean ikus genezakeanez.